Ikasgelaren mugetatik elkarbizitzarako espazioen
diseinura LHko ikasleekin
E3 Proiektua / Ezina Ekinez Egiteko Proiektua

diseinura LHko ikasleekin
E3 Proiektua / Ezina Ekinez Egiteko Proiektua
E3 Ezina Ekinez Egiteko proiektuaren baitan, ikasgelatik patiorako elkarbizitzaren bidea eraikitzeko aukera izan genuen Donostiako NJP Ikastetxeko LH 3.-, 4.-, 5.- eta 6.- mailako ikasle guztiekin. 2016/2017 ikasturteko bigarren hiruhilabetean zehar, eskola eremuan, elkarbizitzarako erabiltzen diren espazioen inguruan hausnartzeko, saio ezberdinak izan genituen.
Irakasleekin izandako saioetan, Herman Hertzberger eta Hans Scharoun arkitekto handien planteamenduan oinarrituta, eskola hiri gisa bizi ahal izateko espazioak aztertu genituen, eta ondoren, dinamika parte-hartzaile ezberdinen bitartez, irakasleek zirkulazio espazioekiko duten ikuspuntua ezagutzeko aukera bikaina izan genuen. Ondorio interesgarriak ere atera zituzten parte hartzaileek: “hormak soberan daude, ikasgelak txiki geratzen hasi dira eta korridoreak ez dute funtzio pedagogikorik…”.
Ikasleekin, berriz, haurren parametroa eta eskola espazioekiko duten erlazio identitarioa landuaz ekin genion prozesuari. Arkitekturaz, proportzioaz, eskalaz eta neurriaz hitz egin genuen parte-hartzaileekin. Zer da babesa? Zer da arkitektura? Zein babesleku mota daude? Zer erlazio dago eraikinen eta ingurunearen artean? Zein etxebizitza mota? Noiz eta zergatik sentitzen gara etxean? Zer da txikia eta handia? Zein tresna erabili daitezke neurtzeko? Nola neurtzen dira emozioak?
Galdera guzti horiei erantzunak bilatu nahian, neurketa tresna pertsonalizatuak eraiki zituzten ikasleek: bakoitzaren neurria adierazten zuten paperezko eskuak. Aldi berean, ikasle bakoitzak bere sentitzen zuzen babeslekuaren marrazkiekin apaindu zuen neurketa tresna, eta, ondoren, inguruko objektu ezberdinak neurtzen aritu ziren. Batzuentzat 3 esku neurtzen duen aulkiak, bestearentzat 5 esku neurtzen dituela ere ikusi zuten. Izan ere, batzuentzat txikia izan daitekeen aulkia, handiegia ere izan daiteke besteentzat.
Arkitekturaren oinarriak ezagutu ondoren, oso barneratuta duten espazioaren inguruan aritu ginen: ikasgela. Hala, talde lan kooperatiboaz baliatuz, ikasgelaren behar berriak identifikatu eta ikasteko eta elkarbizitzeko modu berriak proposatu zituzten. Askorentzat, hasiera batean planteatutako mugak txiki geratu ziren, eta ikasgelaren oinarrizko konfigurazioa hautsi zuten solairu bikoitzak, eskailerak eta txirristak gelan integratuz. Ikasgelaren mugak hautsiaz, elkarbizitzeko espazioak sortu nahian ikastetxeko beste hainbat gunetara gerturatu ziren ikasleak.
Amaitzeko, ikastetxeko kanpo espazioak aztertu zituzten ikasleek. Izan ere, nola ahalbidetu ikasleek nola egon, nola jolastu eta nola elkarbizi nahi duten aukeratzea ikastetxeko kanpo espazioak erabiltzen dituztenean? Nola landu aisialdiari lotutako ikaskuntza espazioak sortuko dituzten dinamikak? Dinamika parte-hartzaileen bidez, Eskolako kanpo eremuak aztertzeari ekin genion hezkidetza eta espazioaren erabileraren inguruan hausnartuz eta ikastetxeko kanpo espazioek dituzten beharrak identifikatuz.
Patioaren erabilera aztertu eta gero, ondorioztatutako guztia transmititu zitzaien ikasleei: mutilek hartzen dute kanpo-espazioen eremurik handiena eta baloia da agintzen duena. Bitartean, neska gehienak patioaren periferian kokatzen dira, txoko babestuenak bilatuz. Jarraian, ikasleei eskatu zitzaien patioaren arazoari konponbidea bilatzeko, eta guztiontzat egokiak izango ziren jolasteko eta elkarbizitzeko espazioak sortzeari ekin zioten. Hala, talde txikietan berrerabilitako materialarekin eta kartoizko kutxa ezberdinak lotuz proposamenak eraiki zituzten. Txikiek argi izan zuten: elkarbizitzarako espazioak sortzeko milaka modu daude, sormena da behar den bakarra. Txirristak, koloretako bolaz betetako ontziak, irakurketarako txokoak, etzanda egoteko gune bigunak, landareak, baratzak eta lorategiak, tirolinak, etxetxoak zuhaitzetan eta kobazulo ugari agertu ziren ikasleek egin zituzten maketa gehienetan.
Haurrek bizitako diseinu-prozesuan oinarrituta, ideia-proiektu bat garatu bagenuen ere, egindako lan guztiak familiei aurkezteko aukera ere izan zuten txikiek. Ekitaldi-erakusketa baten bitartez, familiak ikastetxera gerturatu ziren eta ikasleek egindako lan guztiak ezagutzeko aukera izan zuten. Umeek beraien ikasgelatik hasi eta ikastetxe osoarekin partekatzen duten patiora, nolako espazioak nahi dituzten azaldu zuten.